2017/5/12-14: Pariseko eskual etxea – Europa, Asia era Ozeaniako Euskal Etxeen bilera
http://www.euskalkultura.com/euskara/albisteak/europa-asia-eta-ozeaniako-euskal-etxeen-ordezkariek-bilera-egin-dute-pariseko-eskual-etxean-argazkiak
Paris, Frantzia. Bilkura maiatzaren 12tik 14ra egin da, Europa, Asia eta Ozeaniako Euskal Etxeak Pariseko Eskual Etxera bilduz, hiriburu frantseseko euskal elkarte hau eta Eusko Jaurlaritza antolatzaile. Hemeretzi izan dira euskal etxe partaideak, esan nahi baita Berlin, Marseilla, Erroma, Zaragoza, Madril, Paue, Montpellier, Munich, Sydney, Londres, Mallorca, Tokio, Valentzia (Laurak Bat), Valentzia (Euskaltzaleok), Valladolid, Brusela, Bartzelona, Bordele eta Paris bereko euskal etxeetako ordezkariak partaide. Pariseko Eskual Etxetik, elkarteko lehendakaria, Sebastien Daguerre, eta Arlette Oçafrain izan dira koordinatzaile eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzako buru, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia; eta Gorka Alvarez Aranburu, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria. Ekitaldia ostiral iluntzean hasi zen, partaideak batu eta hiria bisitatzearekin, ondoren afaria elkarrekin egiteko hiriko Beaurepaire euskal ostatuan, Notre Dame ondoan.
Larunbatean eta igandean, lan-saioak Eskual Etxearen egoitzan egin ziren. Euskal etxe bakoitza aurkeztu eta honako gaiak eztabadatu ziren, besteak beste: Jaurlaritzaren Aholku Batzordea eta euskal etxeen ordezkaritza bertan; Europan euskal etxeen federazio bat sortzeko ideiaren egokiera, abantaila eta desabantailak; ekonomia, dirulaguntzak eta ordainketak; ekintzen koordinazioa eta elgarren arteko komunikazioa; Basque Global Network sarea; euskararen irakaskuntza; nola erakarri gazteak eta nola lortu ardurako postuetan engaia daitezen; Brexita eta honen eragina Erresuma Batuan bizi diren euskaldunendako…
Larunbateko saio osoan, kabinak eta aldibereko itzupen zerbitzua baliatu zuten partaideek eta hizlari bakoitzak hautatzen ahal izan zuen bere solasa euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz edo ingelesez egin. Behar da esan, honelako bilera bat egin zen azkeneko aldian bezala –Bartzelonan 2013an– interpretaritza hor egonik, hizlari gehienek diferentziarekin, euskara hautatu zutela euren ekarpenak egiteko eta, partaide ia guztiak euskaradunak izanik, euskara izan dela bilkurako hizkuntza behinena.
Bilkura hauetan, elkar ezagutu eta agurtzea, eta elkarren ideiak, arazoak, egoerak eta soluziobideak partekatzea parte garrantzitsua izan ohi denez, honakoan ere hala izan da, «indarra hartzeko xantza baliosa», euskal etxe europar bateko ordezkariak esan zuenez. Bi urteren buruan, Kanpoan diren Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarrean elkarretaratuko dira gehienak, eta neurtu ahal izango dituzte egin diren aitzinamenduak; ondoren, beste bi urteren ostean, Europa, Asia eta Ozeaniako hurrengo eskualdekako bileran. Ipar Ameriketako, eta Hego Amerika, Ertamerika eta Karibealdeko euskal etxeek datorren urtean egingo dituzte euren eskualde bilerak.